EAJ-PNV
Ezagutzera eman

VITORIA-GASTEIZ,
MUNDUKO HIRIRIK ONENA

Euskadiko hiriburua bizitza betea, enplegu duina eta kalitatezko zerbitzu eta azpiegiturak izateko eszenatokia izan dadin nahi dut

Harro-harro esan ohi dut Vitoria-Gasteizkoa naizela. Nire bizitzako gauzarik garrantzitsuenak hemen, Gasteizen, gertatu dira, eta hori zorte handia izan da niretzat. Hiri honetan jaio eta hazi nintzen, orain familiarekin bizi naiz bertan eta lagunak ere hementxe ditut. Gasteizen barre eta negar egin dut. Nire oroitzapen gehienak gure hiri maitagarri honetako kale, plaza edo auzoren batean daude. Ikasten ikasi nuen, lehendabizi San Viator ikastetxean. Handik gutxira, erdigunera bizitzen joan ginen. Izugarri gustatzen zitzaidan izeba zaharrarenera joatea El Pilarren; hurbilago zegoen eta horrek aukera ezin hobea ematen zidan denbora gehiago jolasten emateko eskolan eta inguruetan. Horren ondoren, Los Herrán Institutuan ikasten jarraitu nuen, unibertsitatean hasi baino lehenago. Bertan ikasi nuen hezkuntza publikoan profesional handiak daudela, eta bizitza honetan inork ez dizula ezer ere oparitzen, norberaren arazoak norberak konpondu behar dituela. Euskara ikasi nuen IKAn EGA atera arte, lehendabizi Pinton eta geroago Errege Katolikoetan. Arrakasta gutxiagorekin zenbait ingeles ikastaro ere egin nituen Hizkuntzen Institutuan; orduko hartan institutua San Prudentzio kalean zegoen.

Abuztuaren 4an dardarka jartzen naiz Andre Maria Zuriaren Plazan, apirilaren 28an Armentian, iraileko Birjinaren ondorengo lehen astelehenean Olarizun, urtarrilaren 5ean Erregeen kabalkadan eta abenduaren 24an Olentzeroren ospakizunean. Asteburuetan ezin hobeto pasatu izan dut Alde Zaharrean eta auzoetako jaietan, bereziki Judimendin eta Adurtzan. Ibilaldi ederrak egin ditut oinez eta bizikletaz Gasteizko mendi eta basoetatik zehar. Senda Ibilbidean pare bat zapatila baino gehiago gastatu ditut santuraino korrika eginez, eta Estadion igerilekuez eta frontoiaz gozatu dut. Mendin salto egin eta igoeraren bat ere ospatu dut (2.B-ra!), “Los Inhumanos” taldearen erritmopean. Baina bereziki pertsonekin gozatzen dut, hau da, nire bizitza partekatzen dudan gasteiztar askorekin eta, bereziki, nire emazte Elisarekin. Hemen, Gasteizen ere maitemindu eta ezkondu nintzen. Eta hiri honetan ere jaio dira gure bizitzetako pertsonarik garrantzitsuenak: gure hiru semeak: Ion, Iker eta Ibai.

Horrelaxe bizi izan naiz eta bizitzen jarraitzen dut Vitoria-Gasteizen, munduko hiririk onenean.


 

GURE BERMEA, EGINDAKO LANA

 

Lan horiek argi erakusten dute Vitoria-Gasteizekin, gasteiztarrekin eta politikan jarduteko beste modu batekin dugun konpromiso irmoa: akordioaren eta lankidetzaren aldeko politika, positiboan garatutako politika, guztion onuran oinarritua. Horixe izan da eta horixe izango da udalean lan egiteko modua: hiriarentzat positiboak diren ekimenak proposatzea eta horiei babesa ematea, eta Vitoria-Gasteizentzat kaltegarri edo negatibotzat jotzen ditugunak salatzea.

Asko izan dira hiriaren eskariei erantzutea eta PPren kudeaketa kaskarragatik edo aurreikuspen eta planifikazio faltagatik sortutako arazoak konpontzea ahalbidetu duten akordioak eta proposamenak. Hala eta guztiz ere, azken lau urteotan bultzatu ditugun hiru akordio nagusiak azpimarratu nahi ditut, hiriak aurrera egiteko oso positiboak izan direlako:

1.- Ekipamendu eta zerbitzuen plana

Salburua eta Zabalgana auzoetan, urrezko auzoetan (Abetxuko, Adurtza, Ariznabarra, Koroatze eta Zaramaga) eta hiriaren landa gunean. Plan hau EAJk definitu zuen inplikatutako auzo eta herrietako auzokideen lankidetzarekin; hasieran 50,3 milioiko aurrekontuaz horniturik, 2012ko otsailean adostu zen. Plan honek, oraindik ere amaitu gabe dagoenak, ahalbidetu du, besteak beste, honako lan hauek aurrera eramatea:

  • Salburuko Gizarte Etxearen eraikuntza.
  • Zabalganeko Gizarte Etxearen obren hasiera.
  • Mariturriko Haur Eskola
  • Borinbizkarra eta Elejaldeko pasaguneak Zabalganen.
  • Agorespace-ren eraikuntza Zabalganen.
  • Autobus lineak zabaltzea Arakaiate eta Larreinera (Salburua) eta Borinbizkarrera (Zabalgana).
  • Urrezko auzoetako etxebizitzak berritzera zuzendutako 3,5 milioi euro.
  • Landa guneko zenbait herritan egindako inbertsioak, uraren hornidura eta saneamendu sarea hobetzeko.

2.- 2013 eta 2014ko udal aurrekontuak

Zailtasun ekonomikoak gorabehera, arduratsu jokatzeko eta aurrekontuaren aldeko akordioa bultzatzeko gai izan gara 2013an eta 2014an. Vitoria-Gasteizen lortutako akordioak, Vitoria-Gasteizentzat baino ez. Akordio horiek, gainera, Maroto eta Rajoyren PPk 2012an abiarazitako murrizketei jarritako eustorma bat izan ziren. Aurrekontuaren inguruko akordio horiek hainbat gauzatarako izan ziren baliagarri: enplegu publikoari eusteko, ekonomiari eta enpleguari begirako sustapen politikak berreskuratzeko eta ongizatea, berdintasunaren aldeko ekimenak, kultur politikak, gazteria arlokoak, elkartasun ekimenak eta gizarte kolektiboekiko lankidetza politikak bultzatzeko. Akordioak oso onuragarria izan ziren hiri osoarentzat.

3.- Hiriburutzaren kanona

Vitoria-Gasteiz Euskadiko hiriburua da eta, estatus horrekin bat, hiriburutzaren kanoa jasotzea merezi du. Kanon hori Urkullu lehendakaria buru duen Eusko Jaurlaritzak bermatu du legegintzaldi osorako eta urtean 5 milioi euroz horniturik dago. Ez nuen zalantzarik izan Vitoria-Gasteizen interesak defendatzeko eta ekarkin ekonomikoetatik haragoko zerbait eskatzeko: gure hiriaren aitorpena Euskadiko hiriburu gisa Vitoria-Gasteizko EAJ osoaren lanari esker eta Urkullu lehendakariak gure hiriburuarekin izan dituen sentsibilitateari eta inplikazioari esker, hiriburutzaren kanona izenpetzea lortu genuen; horrek, azkenean, 20 milioi euroko ekarkin bat ekarriko dio hiriari Eusko Jaurlaritzaren legegintzaldi osoan zehar.